Gaurkoan Petretxemak ez gaitu goxo hartu. Gailurreko eztia dastatzeko 200 metro eskas geratzen zitzaizkigula sakelokoak desiratu gabeko berri bat eman digu. Hartu hala ez, hori zen gure zalantza, baina burugogorki gure arreta deitzen hari zenez azkenean so egin eta zaplastada hotza eman digu. Ez nuen hau espero pottola. Atzo etxetik irtetean azkeneko hilabete hauetan, egunero ( edo ia egunero), egiten nuen bezala deitu egin zintudan. Azkenaldian telefonoa hartzeko indar eta gogo gabe zenbiltzanez, normala egiten ari zitzaigun zurekin mezu bitartez komunikatzea eta atzo ere hala egin nuen. Mezu bakoitzean animoak eta besarkadak bidaltzen saiatzen nintzen, modu ezberdinetan ahal izanez gero, gutaz gehiegi ez aspertzeko, nire partez, Aneren partez, amaren partez. Gehienetan pentsatu ez bezala ateratzen ziren baina igandean esan zenidan bezala iristen ziren eta beraien helburu betetzen zuten. A ze poza hartu genuen igandean zure deia jasotzerakoan. Hobe sentitzen zinela eta deiak bueltatzea erabaki zenuela esan zenigun, eta egin ere. Zure ahotsa makala zen, baina argi eta goxoa, beti bezala. Asko poztu gintuen animotsuago zinela entzuteak, asko, benetan. Egunero gure pentsamendu eta otoitzetan izan zaitugu, azkenean, bakoitzak ereiten duena jasotzen duelako. Eta zuk, Agurtzane, hazi asko erein dituzu. Itxaropenezko, maitasunezko eta adiskedetasuneko haziak, eta horiek izan dira jaso dituzunak orain arte eta jasoko dituzunak. Lan asko egiteko utzi diguzu aurretik, asko erakutsi diguzulako. Indarra, adorea eta ardura. Bizitzak egoera zailean jarri zintuen berriro, eta saitau -saitu egin zara erronka berri hau gainditzen, baina zure gorputzak ezin izan du gehiago. Uztu zara, eman beharreko guztia eman duzu, horregatik ez da debalde izan egin duzun guztia. Hasi behar duzun bizitza berrian ate hobeagoak ireki dizkuzu, ziur.
Zaila da orain guzti hau idaztea, entzutea eta onartzea, baina bihotzarekin idazten ari naiz orain, eta ez buruarekin. Ez dut ukatuko amorrua sentitzen ez dudanik, ez dut ukatu tristura ez dudanik, ez dut ukatu zalantzak ez direnik etorri, bai, beti bezala, horrelako egoeratan gertatzen den bezala, hemen daude, baina zuk eta beste batzuk erakutsitakoak indar gehiago du.
Dolua pasa egin behar dugu, nahita nahiez. Errealitateari ezin diogu ihes egin, eta badakit, eta onartzen dut, sentimendu hauek denboraldi luzez lagun izango ditudala.
Urte gogorra izan da. Jende asko joan da nire ondotik. Aitaren heriotza oraindik digeritu gabe eta zurea murtxikatzen hasi behar. Pertsona asko etortzen zaizkit burura. Aitziber, Xabier, Itziar... denak lasterregi joandakoak. Bakoitzak gure momentua dugula esaten dute, eta hori onartu behar dugula. Egunero jende asko hiltzen da, egia da. Gizon eta emakume, zahar eta gazte, zuri eta beltz, bizi legea da. Baina ezin dugu ukatu gogorra dela norbait galtzea, batez ere horrelako ahalegina egin eta gero eta hainbeste erakusteko izanda.
Agurtzane, zure testigua jasoko dugu eta bihotzean gordeko zaitugu, gertu-gertu izan zaitezen. Zure familiari gure doluminak adierazten dizkiogu eta zure lagun guztiei ere eta, goxo-goxo eta maitasunez agurtzen ninduzun bezala agurtuko zaitut:
"Patxuak pottola eta laster arte"
Egoitz eta Ane
No hay comentarios:
Publicar un comentario